Iraurgi Berritzenek Team Academy Euskadi eta Tecnaliak antolatutako Leadership Adventure programan parte hartzeko aukera eskainiko du beka baten bidez. Bailarako gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko eta enpresa berritzaileen ideiak abian jartzeko asmoz prestatu du egitasmoa, lan jardueran hastera doazen eta Azkoitian eta Azpeitian erroldatuta dauden gazteei zuzenduta.
Unibertsitate ikasketak dituztenek har dezakete parte, eta Iraurgi Berritzenek adierazi duenez, "egungo lan-merkatuak eskatzen dituen gaitasun ekintzaileak" izan behar dituzte. "Parte hartzaileek enpresetako eta gizarteko proiektu berritzaileak sortzeko ideiak dituztela erakutsi beharko dute, baita ingeles maila altua dutela ere".
Ikasketa praktikoen bidez garatuko dute egitasmoa, eta bertan izena emateko honako dokumentuak aurkeztu behar dituzte; CV-a eta enpresa berritzailearen ideia: deskribapena, helburuak, beharrezko baliabide pertsonalak, azpiegiturak... Gehienez bi urriko luzera izango du honek.
Bekadunak 3.800 euro jasoko ditu, eta Team Academy Euskadi eta Tecnaliak antolatutako Leadership Adventure egitasmoan doan parte hartzeko aukera izango du. Irailaren 20ra bitartean eman daiteke izena, info@loiolaberrikuntza.org helbidean. Informazio gehiago, berriz, 943-85 40 11 telefonoan aurkitu daiteke.
Team Academy Euskadi 2007an sortu zuen Tecnaliak, esperimentazio, ikaskuntza eta garapena sustatzeko.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide