Aitor Astigarraga (Iraurgi SB)
Aitor Astigarraga azpeitiarrak 15 urtez azpiko Espainiako Selekzioan jokatu lezake datozen asteetan. Selekzioak Astigarraga deitu du, taldean jokatzeko hautaprobak egin ditzan. Abuztuaren 12tik aurrera Martorellen (Katalunia) elkartuko dira, eta azpeitiarrak han egingo ditu probak. Selekziorako aukeratzen badute, Kavalan (Grezia) jokatuko duten Adiskidetasunaren Txapelketan izango da abuztuaren 17tik 19ra bitartean. Bertan, Grezia, Italia edota Frantziako selekzioen aurka jokatuko dute.
Astigarragak iaz egin zuen debuta Espainiako Selekzioan; 14 urtez azpiko Espainiako Selekzioarekin BAM torneoa jokatu zuen Eslovenian; aurtengo Aste Santuan, berriz, 15 urtez azpiko hautatzaileek Katalunian egin zuten aurre-deialdirako deitu zuten azpeitiarra.
Ander Arruti Iraurgin
Iraurgi SBk lehenengo fitxatzea egin du, eta Ander Arruti gasteiztarrak Iraurgiko elastikoa jantziko du datorren denboraldian. Eskolta gisa jokatuko du Arrutik Iraurgin, azken bi urte Zaragozako taldean jokatu eta gero.
Baskoniako harrobian hasi zen Arruti saskibaloian jokatzen, eta taldearekin Zilarrezko LEB ligara igotzea lortu zuen; Iraurgik adierazi duenez, aurreko urtean jokalari garrantzitsuenetariko bat bihurtu zen, eta 90.eko belaunaldiko jaurtitzaile onenetakoen artean da gasteiztarra. "Bere gaztetasunean beterano baten moduan jokatzen du, eta ez du erantzukizunik hartzeko beldurrik". 2008an Espainiako Junio Txapelketako saskiratzaile nagusia izan zen, eta horrek 18 urtez azpiko Espainiako Selekziorako ateak zabaldu zizkion. Aurreko denboraldian, berriz, Zilarrezko LEB ligazko bost jokalari onenen artean izendatu zuten hiru aldiz.