Oinezkoen eremuan aparkatuz gero, isunak jarriko dituzte Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko abu. 2a, 04:00

Espaloian aparkatzen dutenei isunak jarriko dizkie (Ane Olaizola/Hitza) Azkoitiko Udalak «neurri zorrotzagoak» hartuko ditu aurrerantzean trafiko urraketen aurrean. Oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko asmoz, bidegurutzeetan, oinezko pasabideetan eta espaloi gaineetan aparkatzen dutenei isunak jarriko dizkie. Udalak gogora arazi du espaloiak oinezkoentzako direla, eta autoak aparkatzeko aparkalekuak daudela; «espaloietan autoak aparkatuz gero, oinezkoen eskubideak urratzen dira. Gurpildun aulkiek ezin dute bertatik pasatu, ezta ume kotxeek ere, eta oinezkoek ere, justu-justu», adierazi du. Irisgarritasuna oztopatzeaz gain, «arriskutsua» ere badela aipatu du, halakoetan oinezkoek errepidera atera behar izaten direlako, eta han ibilgailuak ibiltzen direlako. Hori hala izanik, herritarrei dei egin die «azkoitiar guztien eskubideak bermatzeko ezartzen diren arauak errespetatzeko». Kexak azken urteetan Udalak adierazi duenez, Azkoitiko hainbat gunetan bizilagunek aspalditik ari dira honen inguruan kexatzen, autoak espaloi gainetan aparkatu eta horien irisgarritasuna oztopatzen dutelako; herritarren egindako kexen ondotik erabaki du udalak neurriak zorroztea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide