Beñat Alkortak irabazi du andramarietako kartel lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko uzt. 24a, 12:59

Ezkerretik, Esther Lizarralde zinegotzia, Beñat Alkorta lehiaketako irabazlea eta Jesus Andueza kultur teknikaria
(Ane Olaizola) Abuztuak 13 da, asteartea, Azkoitiko andramarien bezpera. Buruhandi gisa arituko den herritar bat festen zain dago, parez pare herria duela, behatzak gurutzatuta, zorte ona opa nahian. Hori irudikatu nahi izan du Beñat Alkorta azkoitiarrak festetarako aurkeztu duen kartelarekin; hain zuzen, lan hori saritu du epaimahaiak, eta bera da aurtengo lehiaketako irabazlea. Aurtengo lehiaketara 14 lan aurkeztu dira, eta arte ederretako eta diseinuko aditu banak eta kultura saileko teknikari batek osatu dute epaimahaia; Alkortaren kartelaren "originaltasuna" azpimarratu du honek, eta festei "lotura berezia" egiten diela nabarmendu dute. Era berean, Azkoitiko herriaren presentzia da kontutan hartu duten irizpideetako bat. Alkorta arkitektoa da, eta bigarren aldiz aurkeztu da lehiaketara; aitortu duenez, ez zuen irabazterik espero, eta ezustean hartu du berria. "San Martinera joan ginen, eta han bertan zeuden harrien gainean eserita atera genuen argazkia. Buruhandi baten itxaronaldia adierazi nahi izan dugu". 200 euroko saria eskuratu du Alkortak, eta herritarrek ere izan dute bozkatzeko aukera, Torre Zurin jarri duten erakusketaren bidez; udalak jakinarazi duenez, 270 lagunek eman dute botoa bertan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide