Liburutegian liburu elektronikoa eta ordenagailu eramangarria jarri dituzte erabilgarri

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko uzt. 5a, 14:07

Aizkibel liburutegia
(Xabier Otamendi) Azkoitiko Aizkibel udal liburutegiak liburu elektronikoa eta ordenagailu eramangarri bana jarri ditu erabilgarri. Liburu elektronikoa etxera maileguan eraman izango dute herritarrek, eta ordenagailuak liburutegian bertan erabiliko dute. Dagoeneko martxan da zerbitzua, eta horren inguruko araudia argitaratu du Aizkibelek. Bi tresnak erabiltzeko beharrezkoa da adin nagusikoa izatea. Liburu elektronikoari dagokionez, liburutegiko bazkide izan behar dute, eta mailegua hamabost egunekoa izango da. Epetik kanpo itzuliz gero, ohiko liburuekin ezartzen duten bezalako zigorra jasoko dute. Aurrez erreserba daiteke e-booka, eta erabiltzailea izango da tresnaren arduraduna; hau da, egoera onean itzuli beharko du, eta galdu edo puskatuz gero, berria erosi beharko du. 180 euroko prezioa du tresnak. Eskuz aldaezina izango da, eta beste norbaiti utziz gero bera izango da arduraduna. Horrez gain, ezin izango dute konfigurazioa aldatu. Ordenagailu eramangarriari dagokionez, erabiltzaileek liburutegiko txartela edo NAN txartela erakutsi beharko dute; hasiera batean, gehienez bi orduz erabili ahal izango da, baina inor zain ez baldin badago behar adina denboraz eduki ahal izango du. Liburu elektronikoan bezala, ezin izango du konfigurazioa aldatu, eta horrela izanez gero zigorra jasoko du. Erabiltzaileak izango du ordenagailuaren ardura, eta puskatuz gero konponketaren faktura ordainduko du. Era berean, liburutegiko langileek ez dute laguntza teknikorik eskainiko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide