Hondakinen inguruan «ados jartzera» deitu ditu Azkoitiko Bilduk beste talde politikoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko uzt. 3a, 13:31

Aittolako zuhaizpe bat zaborrez beteta agertu da.
(Azkoitiko Udala) Azkoitiko hondakinen mahaiak hiru hilabeteko prozesua amaitu, eta ondorioak argitara eman zituen duela hainbat aste, «udalak eman beharreko pausoak eman ditzan». Azkoitiko EH Bilduren ustez, herritarrek alderdi politikoengan jarri dute horren ardura. Hori hala, «gaiari bidea ematea»udalean ordezkatuta dauden alderdi politikoei dagokie, koalizioaren arabera . «Herritarrek erakutsitako interesak, heldutasunak eta akordiorako gaitasunak alderdiok begiratu beharreko ispilua izan behar dute, eta elkarren aurka jardutea eta erabilera politikoa alde batera utzita, hondakinen gaia Azkoitian konponbidean jartzeko momentua iritsi dela uste dugu», adierazi du. Hori hala, udaleko talde politiko guztiei dei egin die hondakinen kudeaketaren inguruan «akordio zabala» adostu dezaten. Herritarrek egindako ekarpenetan oinarrituta, datozen asteetan akordioa «negoziatzeko borondate garbia» duela berretsi du Bilduk. «Azkoitiko belaunaldi berriei Azkoitia, Gipuzkoa eta Euskal Herri hobeagoa, garbiagoa eta justuagoa uzteko eta zero zabor politikan oinarritutako bideari ekiteko konpromiso garbia daukadu, eta horretarako ardurak hartzeko prest gaude». Azkoitia Bai koalizioak, bere aldetik, hondakinen inguruko prozesua «azkartu» eta «lehenbailehen» ados jartzeko nahia azaldu du. Koalizioak atzo emandako prentsaurrekoan adierazi zuen bat egiten dutea hondakinen mahaiak adostutako gutxieneko puntuekin. Horietako batzuk dira hondakinak sailkatzea herritar guztien betebeharra dela, 2014rako %70eko birziklatze tasara iristea eta bilketa eredua zehazterakoan irizpide teknikoak kontutan hartzea. Dena den, «harrigarritzat» jo zuen Azkoitiko atez atekoa EZ bosgarren edukiontzia BAI plataforma hondakinen mahaiko bileretara azaldu ez izana, uste baitu hori zela taldeek eztabaidatzeko gunea. «Are eta harrigarriagoa da, ordea, lortutako 3.547 sinadura horien kopia notarioak EAJko bozeramaile Mikel Zubizarretari ematea, eta ez udaletxean idatzia aurkeztu duten hiru herritarrei». Azkoitia Bairen ustez, hondakinen mahaiko saioak «mamitsuak» izan dira, eta bertan adostutako puntuak betetzeko konpromisoa berretsi du. Era berean, eskerrak eman dizkio bertan parte hartu dutenei. Aittolan zaborra Udalak jakinarazi duenez, Azkoitiko Aittola mendiko arbolape bat zaborrez beteta agertu da asteburuan. «Bertara joandako hainbat herritarrek sortutako hondakinak bertan uztea erabaki dute, nonbait». Horien jarrera salatu eta gizalegez eta arduraz jokatzera deitu ditu herritarrak, eta hondakinak Otarre pareko edukiontzietara eramateko eskatu die, «guztion ardura» delako inguruak behar bezala mantentzea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide