Azkoitian euskara plana egiten duten enpresek diru-laguntzak jasoko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko uzt. 2a, 11:44

Lan munduan euskara sustatzeko asmoz, Azkoitiko Udalak herriko enpresetan euskara planak bultzatzeko diru-laguntzak eskainiko ditu aurten. Gogoratu du aurreko urtean Serbitzu Elkarteak eta Biharko Gipuzkoa enpresak abiatu zutela plana, eta horiekin hitzarmena sinatu zuela udalak; orain, berriz, laguntza hori «ofizialki zabaltzea» adostu dute. Hala, euskara plana martxan jartzea erabakitzen duten Azkoitiko enpresek 2.000 eurora arteko laguntza jasotzeko aukera izango dute, eta Eusko Jaurlaritzak helburu horrekin ematen dituen diru-laguntzen osagarri izango da. Dagoeneko zabaldu dute diru-laguntzak emateko deialdia, eta enpresek azaroaren 15era bitartean egin ditzakete eskaerak; udaletxeko euskara zerbitzuetara jo edo 943-85 71 70 telefonora deitu dezakete horretarako. Diru-laguntzen informazio osoa, berriz, udal webgunean lortu daiteke. Lan mundua euskaldundu Lan mundua euskalduntzeko «ahalegin berezia» egin behar dela uste du udalak, ahozko komunikazioan eta harreman informaletan euskara gailentzen bada ere, idatzizkoan eta komunikazio formalean gaztelera erabili ohi delako oraindik. Hala, egoerari buelta eman eta hezkuntzan emandako pausuek isla izan dezaten euska planak erreminta eraginkorrak direla adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide