Madariagan motoak eta quad-ak erabiltzea debekatu du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko eka. 18a, 08:00

Madariagako baserri bidea.
(Onintza Lete Arrieta) Azkoitiko Madariaga auzoan mendiko motoak eta quad-ak erabiltzea debekatu egin du Azkoitiko Udalak, hango auzotarren «eskaerei erantzunez». Udalak adierazi duenez, ibilgailu horiek «arazo ugari» sortzen zituzten auzoan, «arriskutsuak eta ingurumenerako kaltegarriak» direlako; izan ere, Inaxio Gorosabel udaleko zinegotziak azpimarratu duenez, ibilgailu horien eraginez mendi-bideak eta ubideak hondatu egiten dira. «Gurutzeta aldean metro bateko zuloak aurkitu daitezke», adierazi du. Horrez gain, motoek eta quad-ek sortzen duten «dezibel maila altuek» zelaietako ganadua «aztoratu» egiten dutela azpimarratu du Gorosabelek. Dena den, neurri berriak izango du salbuespenik, eta ibilgailu horiek lanerako behar dituztela frogatzen dutenek baimen berezia izango dute, eta quad-ak eta motoak «euren eguneroko jardunerako» erabili ahal izango dituzte. Udalaren arabera, Madariagako mendizaleek «aspaldi» eskatu zuten neurri hori ezartzea, eta auzotarren eskutik ere kexa ugari jaso dutenez, haien aldarrikapenak kontuan hartu ditu udalak. Hasiera batean Madariagan jarriko dute debekua, baina udalak ez du baztertzen etorkizunean mendialdeko beste auzoetan ere ezartzea: «Badakigu beste auzoetan ere badirela kexak, eta ziurrenik pixkanaka beste auzoetara zabalduko da neurria. Kasu honetan, Madariagakoek egin digute kexa ofiziala». Zinegotziak jakinarazi du motoak eta quad-ak auzoan ikustea ohikoa dela: «Inguruko herrietako herritarrak igandero elkartzen dira, eta kostaldera joateko eta Izarraitz zeharkatzeko bide hau erabiltzen dute». Udaleko Ingurumen Batzordean hala adostu ondoren jarri dute indarrean neurria, eta horren inguruko kartelak jarriko dituzte datozen egunetan, inguruko beste eremu batzuetan egin duten bezala. Izan ere, Gorosabelek jakinarazi du Xoxoteko eta Erloko eremuetan ere debekatuta dutela ibilgailu horiek erabiltzea. Martirietan, aldaketak Madariaga auzorako bidean ez ezik, Martirietakoan ere izango da aldaketarik. Martirietarako behin-behineko bidera joateko bidegurutzeko sarrerak eta irteerak seguruago izan daitezen, bide seinaleak aldatu egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta GI-631 errepideko Hierros Azkoitia paretik Aldatxarren baserrirainoko zatian ibilgailuek debekatuta izango dute beste ibilgailuak aurreratzea. 400-500 metroko tarteari eragingo diete aldaketek. Azkoitiko Udalak adierazi du «arrisku dezente» zeudela orain arte zegoen moduan, eta horregatik proposatu zioten aldundiari seinaleak aldatzea. Hark eskaera onartu egin du. Udalak orain arte zeuden arriskuak aipatuz, gogoratu du Zumarraga eta Azkoitiko norantzetan ibilgailuek aurreratzeko aukera izaten zutela orain arte; horrez gain, Martirietarako bidera sartzeko Azkoitia aldetik zihoazen ibilgailuek errepidean geldirik egon behar izaten zutela azpimarratu du; beste arriskuetako bat, berriz, Martirieta auzotik GI-631 errepidera irteteko Zumarraga aldetik abiadura handian eta ibilgailuak aurreratzen aritzea zen, udalaren iritziz. Auzora joateko behin-behinko bideko bidegurutzean ikuspen arazoak badaudela ere aipatu du Azkoitiko Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide