Azkoitiko Udalak andramarietako kartel lehiaketa jarri du abian bigarren urtez jarraian, eta dagoeneko oinarriak argitaratu ditu; nahi duen edonork hartu dezake parte, eta bakoitzak gehienez kartel bat aurkeztu ahal izango du. Kartelek 2012ko Andramariak izango dute gai nagusia.
Lanak egiteko edozein teknika eta material erabili daiteke, eta guztiek honako neurriak izan beharko dituzte: 350 milimetro zabal eta 500 milimetro altu. Udalak azpimarratu duenez, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta herritarren aniztasuna errespetatzen ez dituzten lanak ez dituzte onartuko; aldiz, bi irizpide horiek sustatzen dituzten lanak "bereziki" baloratuko dituzte.
Irabazleak 200 euroko saria jasoko du, eta epaimahaiari dagokionez, Azkoitiko Udalak aditu talde bat izendatuko du, eta herritarrek ere botoa emateko aukera izango dute, kartelen erakusketaren bidez. Udalak jakinarazi du erakusktea uztailaren 13an eta 14ean jarriko dutela, Torre Zurin, 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara artean. Herritarrek orduan eman ahal izango dute botoa.
Lanak ekainaren 25etik uztailaren 10era bitartean aurkeztu ahal izango dira, Azkoitiko Udala-Kultura saila. Herriko plaza z/g, 20720 Azkoitia helbidean. Sinatu gabe aurkeztu beharko dute, eta aparteko kartazal batean jarriko dituzte egilearen honako datuak: izen-abizenak, jaiotza data, NAN zenbakia, herria, helbidea, telefonoa eta e-posta. Kartel guztiek argitaratu gabeak izan behar dute, eta saritutako lana Azkoitiko Udalaren jabetzan geratuko da.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide