Mari Carmen Almendras, Boliviak Espainian duen enbaxadorea
Boliviak Espainian duen enbaxadorea den Mari Carmen Almendrasek Azkoitira bisita egingo du hurrengo asteartean. Bizenta Juaristi Boliviako independentziaren aldeko borrokalariaren jatorria ezagutzeko asmoz izango da herrian, eta Azkoitiko Udalak harrera berezia egingo dio Almendrasi. Izan ere, Juaristi Egiono jaiotzez eta izatez boliviarra izan bazen ere, haren aita azkoitiarra zen.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldi ofiziala, eta Kontzejupean harrera eta aurreskua egingo diote enbaxadoreari. Ondoren, udaletxeko pleno aretoan Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronistak Juaristi Eginoren nondik norakoak azalduko ditu; era berean, haren arbasoak zein diren argituko ditu Mendizabalek, eta Azkoitian Juaristirekin dauden familia loturak azalduko ditu. Udalak aurreratu du ekitaldi horretan Boliviako argazkia ikusteko parada izango dutela bertaratzen direnek. Ondoren, udal ordezkariak herriko leku esanguratsuenak erakutsiko dizkiote Almendrasi; hala nola, Bizenta Juaristi plaza, Intsausti Jauregia eta alde zahareko eraikin historikoak ikusiko dituzte.
Ekitaldia irekia izango da, eta udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bertaratzera: «Jatorri azkoitiarra duen emakume baten nondik norakoak ezagutu eta azkoitiar bezala aitorpen propio bat egiteko aukera ezin hobea izango da».
Bizenta Juaristi Egino Boliviako hiriburuan jaio zen, La Pazen, eta udalak adierazi duenez herrialdeko independentziaren alde borrokan aritu zen pertsona garrantzitsuenetarikotzat dute han. Ondare osoa borroka horren esku jarri zuen, eta Simon Bolivarren tropak diruz lagundu zituen, besteak beste. Hainbat aldiz atxilotua izan zen Juaristi.