Euskotrenek Azkoititik Zumaiara arteko autobus zerbitzua indartuko du, eta linea horretako Azkoititik Zestoara bitarteko zatia ordurokoa izatetik orduerdikora izatera igaroko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, irailean jarriko dute indarrean zerbitzu berria.
Garraio publikoa indartzeko asmoz indartu du aldundiak autobus zerbitzua, eta azpimarratu du Euskotren eta La Guipuzcoanako lineak (Azkoitia-Zarautz eta Azkoitia-Donostia) kontutan hartuz gero, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako herritarrek orduro hiru edota lau autobus zerbitzu izango dituztela. Dena den, oraindik ez dute zehaztu behin betiko ordutegia, eta aurreratu dute datozen asteetan jakinaraziko dutela.
Azkoiti eta Zumaia lotzen dituen zerbitzuaz gain, Zumarragako ospitalera iristen den zerbitzua ere sendotuko dute, eta egunean bi joan-etorri gehiago izango ditu linea honek.
Gipuzkoako Foru Aldundiak gogoratu du 2011. urtearen amaieran Urola Kostako eta Debabarreneko garraio publikoa sustatzeko lehiaketa publikoa abiatu zuela, baina hutsik geratu zen deialdia. Hori hala izanik, Aldundiak zehaztutako proiektuaren zerbitzu batzuk abian jarri ziren hurrengo urtean, eta La Guipuzcoanak eta Euskotrenek linea berriak jarri zituzten martxan. Orain ezarriko dituztenak, berriz, proiektu hartan aurreikusitako beste zerbitzu batzuk direla aipatu du erakun