Hasiera mailako ikastaroa prestatu du udarako AEK-k

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 31a, 17:25

Azkoitiko AEK-k hasiera mailako ikastaroa eskainiko du udan. Ehun orduko kurtsoa izango da, eta bi zatitan banatuko dute; uztailaren 1etik 19ra eta irailaren 2tik 20ra. Eskolak goizez izango dira, 09:00etatik 12:00etara, eta interesa duenak ekainaren 21era bitartean eman dezake izena. Antolatzaileek esan dutenez, ikastaroaren bidez euskararekin "lehenengo hartu-emana" izango dute, eta eguneroko elkarrizketak ulertzeko aukera eskainiko die; hala nola, agurrak, zenbakiak, ordua galdetzea edota erosketak euskaraz egin ahal izateko baliabideak izatea. Halaber, ikastaroan parte hartzen dutenek udalak euskara ikasteagatik ematen dituen diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Horrez gain, AEK-k dagoeneko zabaldu du aurrematrikulazio kanpaina, eta 2013-2014 ikasturterako matrikula ekainean egiten duenak zenbait abantaila izango ditu; hala nola, %5 merkeago izango du matrikulazioa, eta hiru epetan ordaintzeko aukera izango du. Irailean ikastaroa ez egitea erabakitzen badute, berriz, ekainean ordaindu duten diru kopuru osoa itzuliko diete, baina horretarako irailaren 27a baino lehenago jakinarazi beharko dute. Aurrematrikulaziorako epea ekainaren 21era bitartean egongo da zabalik. Ikastaro eta aurrematrikulazioaren inguruko informazio gehiago lortzeko edo izena emateko 943-15 10 89 telefonora deitu, azkoitia@aek.org helbidera idatzi edo Kultur etxeko 4. solairuko 4. gelan duten egoitzara joan daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide