Giro herrikoia izango da nagusi Elosu eta Aittolan, Otaba jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 31a, 13:16

Elosuko Otaba jaietan, herri kirolak
(Ibon Errazu) Ramon Zubizarreta Landakandak Aittolan jasoko du omenaldia igandean, auzoan ospatuko dituzten Otaba jaietan; taula gainean bizi osoko bikote izan duen Iñaki Garmendia Laja-rekin batera jasoko du pandero jotzaileak aitortza, eta hainbat pieza eskainiko dizkie bertaratzen direnei; horrez gain, ordea, egun osoko festa izango dute auzotarrek, eta hamaika ekimen izango dira igandean zehar; 12:00etan, Aittolako gurutzean meza egingo dute, bailako hildakoen alde, eta ondoren, Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilarien eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioa izango. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute Attola Zar jatetxean. Bazkalondoren egingo diete omenaldia trikitilariei, eta jarraian soinujole eta bertsolariekin erromeria izango da, 21:00ak adera arte. Elosuan, hamaika ospakizun Aittolan ez ezik, Elosuan ere ospatuko dituzte Otaba jaiak, eta han ere giro herrikoia izango da nagusi larunbatetik astelehenera artean; larunbatean, suziri eta kanpai hotsekin hasiko dituzte festak, 16:00etan eta ondoren mus txapelketa egingo dute. Igande eguerdian, berriz, meza nagusia eta pilota partidak egingo dituzte, eta gero triki poteoa izango da Bergarako musika eskolako trikitilariekin. Jubilatuek bazkaria egingo dute Elurmendi elkartean, eta 18:30ean dantza solteko txapelketa jokatuko dute. Astelehenean Otaba Txiki Eguna ospatuko dute; 12:00etan auzoan hildakoen aldeko meza egin ondoren, sabela berotzeko hamaiketakoa egingo dute; auzotarren bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:30ean jolasak izango dira. Auzoa girotzeko trikipoteoarekin emango diote segida egunari, eta gauean afaria eta erromeria izango dira nagusi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide