Ertzainen elkarretaratzea, Azkoitian
(Ane Olaizola)
ELAk eta ERNEk deituta, dozenaka ertzainek elkarretaratzea egin dute goizean, Azkoitiko ertzain-etxe aurrean, eta Eusko Jaurlaritzak hango eta Zarauzko ertzain-etxeak bateratzeko asmoa duela salatu dute. Ekainaren 19an bi etxeen artean "barne mugimenduak" hasiko direla aurreratu dute, eta jakinarazi dute orduan ageriko direla bateratzearen ondorioak antzematen, "batez ere barneko herrietan"; "prebentzio arloan izango du eraginik handiena, ertzain gehienak kostako herrietan egongo baitira". Izan ere, zerbitzuak bateratzearen ondorioz Zarauzko egoitza eta kostaldea "lehenetsiko" dutela diote, Azkoitiko ertzain etxea, eta ondorioz, eskualde barruko herriak "bigarren mailakoak" geratuz: "Barrualdean dauden herriak zaintza gabe geratuko dira, kostan lan karga gehiago egongo delako, batez ere udan. Baina udan ez ezik, aurrerantzean ere hori izango da jarraitu beharreko eredua".
Oraingoz, ez dute uste Azkoitiko ertzain-etxea itxiko denik, "Zarauzkoak ezin dituelako polizia guztiak bertan hartu". Dena den, "egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean" eskualde osoko egoitza bakarra egongo delakoan dira. "Aurrekari gisa Arrasateko kasua dugu; egun, hango ertzain-etxeak bulegoko ordutegia du, eta hemen ere gutxinaka hori gertatuko da".
Eusko Jaurlaritzak duela egun batzuk adierazi zuen aztertzen ari zirela bi egoitzak bateratzea; hala ere, sindikatuek salatu dutenez, "erabakia hartu dute, negoziaziorik hasi gabe". "Jaurlaritzak ezeztatu egiten du ertzain-etxeak bateratu egingo direnik, ez dutelako nahi hau guztia azaleratzerik; baina lan taldeetako buruei dagoeneko azaldu diete harutz joango direla".