Sexu askatasuna errespetatzeko konpromisoa hartu du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 17a, 16:29

Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako eguna da gaur, eta horren harira sexu askatasunaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo Azkoitiko Udalbatzak, aho batez. Afektibo-sexualean eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurkako "borrokan" duen konpromisoa berretsi zuen udalak EAJk aurkeztutako mozioaren bitartez. Azken urteetan "aurrerapauso handiak" lortu badira ere, oraindik zer eginik badagoela adierazi zuten: "Gay, lesbiana, transexual, bisexual eta transgenero eta intesexualek askotan intimitatean eta sekretupean baino ez dituzte egiten adierazpen afektibo-sexualak eta identitatearekin lotutakoak, mendeetan zehar jasandako errepresioaren beldur". Errealitate hori ikastetxeetan ere ikus daitekeela adierazi dute, honako adibidearen bitartez: Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak egindako ikerketa baten arabera, DBHko ikasleen %10 baino gehiagok ikusi dute ikaskide bat "etengabe baztertzen" bere sexu orientazioarengatik. Udalaren ustez ikastetxeak "espazio probilegiatuak" dira gai honen inguruan "ikasle guztiekin lan egiteko". Beraz, espazio publikoetan eta "bereziki hezkuntzaren arloan" adierazpen afektibo-sexualen eta genero-identitateeen "ikugaitasuna" errespetatzea eskatu dute. Halaber, "gizarte anitzago eta integratzaileago baten alde" lan egiteko jarrerak sustatzeko konpromisoa hartu dute, eta "sexualitate askearen aurkako jokabide guztiei" kontra egitea aldarrikatu dute. Udalak onartutako manifestuaren alde agertu daitezen eta gaiaren inguruan konpromisoa hartu dezaten dei egin die hezkuntzako erakundeei, eskola-kontseiluei, guraso-elkarteei eta gizarte osoari.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide