Nava Jeevan elkarteak Azkoitian ere izango du ordezkaritza aurrerantzean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 17a, 14:25

Elkarteko Arantxa Bidezabal, Ainara Uranga eta Bego Artola. (Ane Olaizola) Nava Jeevanek (Bizi Berria), Indiako biztanleei laguntzeko elkarteak Zumaian du jatorria, baina urtez urte kide berriak sortzen joan diren heinean, inguruko herrietara zabaldu dute ekimena; Azpeitiara eta Debara, hain zuzen ere. Orain, taldeak Azkoitian ere ordezkaritza izango du. Arantxa Bidezabal eta Ainara Uranga dira batzordeko bi kide berriak. Haien bitartez, elkartasun elkarteak Azkoititik ere egingo du lan, helburu nagusiak gauzatzeko edota bazkide berriak erakartzeko. Nava Jeevan-eko kide Bego Artolak, Bidezabalek eta Urangak azaldu dutenez, elkarteak Indian hiru proiektu gauzatu ditu sortu zutenetik. Kalkutako ISSA erakundeko umezurztegietan hiesa eta talasemia dituzten bost haurren tratamendua ordaintzeko diru-laguntzak lortzea izan zen elkarteko lehenengo helburua. Ordutik, egitasmoak eskualdean «harrera bikaina» izan duela nabarmendu dute kideek, eta egun Indian bederatzi haurren tratamenduaz eta mantenuaz arduratzen da. Jasotako erantzunaren ondotik, azken urteetan beste bi proiektu egin dituzte Asiako herrialde horretan. Batetik, Ankur egitasmoaren bidez, Kadakona nekazari herrian dagoen Nava Jyioti Ankur haur eskolako gastuez arduratzen da Naba Jeevan 2011z geroztik. «Hainbat berrikuntza egin da, bai eraikinean eta baita ikastetxe inguruan ere. Gure diru-laguntzen bidez ikastetxearen mantentze gastuak, ikasmateriala, uniformeak, jatorduak eta langileen soldatak ordaintzen dira», adierazi dute kideek. Horrez gain, Calcutako umeen hezkuntza indartzen eta emakumeen ahalduntzen ere badihardu elkarteak. 2012tik aurrera joste eskolak, eta irakurketa eta informatika klaseak eskaintzen ditu, Nava Chetna proiektuaren bidez. 125 bazkide ditu elkarteak, eta udaletatik jasotzen duen diru-laguntzen bidez, egindako ekimenekin, eta salmenta postuekin lortutako diruaren eta bazkideen ekarpenen bidez gauzatzen dituzte indarrean dituzten proiektuekin. Igandean, Herri Jaietan Azkoitiko lehenengo ekintza igande honetan bertan egingo dute. Herri Jaiak ospatuko dira Azkoitian, eta ohiko ekitaldien artean, taldearen informazio postuak izango dira, herritar ugari ibili ohi delako kalean egun horretan. Haietan proiektuaren inguruko nondik norakoak azalduko dizkiete kideek herritarrei, eta elkartasun denda bat ere jarriko dute. Ekimena, gainera, bazkide berriak lortzeko aprobetxatuko dute. Herri Jaiek, berriz, ohiko egitaraua izango dute, eta musika doinu artean txahala nola erretzen den ikusteko aukera izango dute herritarrek goizean zehar. Horrez gain, Azkoitiko nekazarien azoka izango da plazan. 12:00etatik aurrera, berriz, goizean erretzekoa diren txahala sagardoarekin dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide