Ibon Arrieta zinegotziak kargua utzi du, "laneko arrazoiak" medio

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 17a, 11:42

Eskubian, Ibon Arrieta, atzoko bilkuran
(Ane Olaizola) Ibon Arrieta Azkoitiko Udaleko Kultura, Kirol eta Festa zinegotziak (Bildu) kargua utzi zuen udalbatzak atzo egin zuen osoko bilkuran. Arrietak ez zuen dimisioaren inguruko azalpenik eman, baina Pello Bastarrika alkateak argitu zuen "laneko arrazoiak" direla Arrietak kargua uztera eraman dutena. Bilduk ohar bidez argitu du Arrietari lanbide berriaren lan kargak sortu diezaioken "bateraezintasuna" dela zinegotzi kargua uzteko arrazoia; izan ere, herrian taberna bat irekitzekotan da Arrieta: "Bilduren udal taldeak eta Arrieta zinegotziak tabernak bere karguarekin sor ditzazkeen elkartezintasunak aztertu dituzte, eta ondoren, egokiena zinegotziak kargua uztea izango dela erabaki da", adierazi du koalizioak. Inixio Gorosabel Bilduko zinegotziak osoko bilkuran adierazi zuen "zurrumurru nahasketa" sortu dela azken egunetan Arrietaren dimisioaren inguruan, baina koalizioak egunkari honi berretsi dio zinegotzi eta hostalari gisa aldi berean lan egiteak eragingo dizkion zailtasunak direla erabakia hartzera bultzatu duena. Espedientea ireki dio udalak Horrez gain, Arrietak zabalduko duen taberna martxan jartzeko prozeduraren nondik norakoak ikertzeko espedientea zabaldu du udalak; Bilduk  baieztatu duenez, irekiera baimenik gabe taberna zabaldu zuen joan zen apirilaren 20an, Azkoitian Herrira Eguna ospatu zutenean. Izan ere, halako guneak zabaldu baino lehen udaleko teknikoek ikuskapen lanak egiten dituzte, baimena lortu dezaten, baina kasu honetan lizentziarik gabe egon zen irekita hainbat orduz, "udaltzainek hala baieztatu zutenez". Orain, prozeduran "huts egiterik" egon zen ala ez argituko dute teknikariek, dagozkion neurriak hartu ditzaten. Erreakzioak Honen guztiaren harira, Mikel Zubizarreta Azkoitiko EAJko bozeramaileak adierazi zuen gaia udalean aurrerago landu beharko litzatekela. Julen Garate Azkoitia Bai-ko bozeramaileak, berriz, honakoa uste du: "Gai pertsonalek bere bidea emango dute. Alderdi politiko baten ordezkari izateagatik jarraipen zehatza egitea baino, iruditzen zaigu alderantziz egin beharko litzatekela, eta hala egin du Arrietak". Bastarrikak, bere aldetik, eta "Udalbatza osoaren izenean" eskerrak eman zizkion Arrietari, "bi urtetan udalari eskainitako dedikazioarengatik eta herriaren alde egin duen lanarengatik". Arrietaren ordezkoa zein izango den ez du erabaki oraindik koalizioak, egunkari honi adierazi dionez.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide