Izarraizko Mendi Lasterketan parte hartzeko izena eman daiteke

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mai. 10a, 16:09

Izarraitz Mendi Lasterketa, iaz
(Nerea Uranga) Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, VII. Izarraizko Mendi Lasterketa jokatuko dute hilaren 19an. Bertan parte hartzeko www.kirolprobak.com helbidean eman daiteke izena aurrez, maiatzaren 14ra bitartean. Txip horia dutenek 15 euro ordainduko dute, eta txip zuria dutenek 17 euro. Egunean bertan ere eman ahal izango da izena, baina orduan 20 euro ordaindu beharko dute korrikalariek; gehienez, 225 lagunek hartu ahal izango dute parte lasterketan. Maiatzaren 19an, Azkoitiko Balda Plazatik abiatuko dira parte hartzaileak, 10:00etan. Handik Izarraitzera joango dira, eta guztira 21 kilometro eta 97 metroko ibilbidea egingo dute. Parte hartzaileek  2.800 metroko gora behera izango dute guztira. Sariei dagokienez, helmugara iristen diren lehenengo hiru emakumezkok eta gizonezkok trofeoa eta diru saria jasoko dute. Halaber, lehenengo azkoitiar emakumezko eta gizonezkoari ere banatuko dizkie trofeoak, eta parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte. Lasterketaren harira, Anaitasuna Mendi Bazkunak antolakuntza lanak egiteko eta bidegurutzeak zaintzeko boluntarioak behar ditu. Lagundu nahi duenak maiatzaren 15ean Anaitasunaren lokalera azaldu daiteke, 21:00etan, taldearen azalpenak jasotzera. Lasterketaren inguruko informazio gehiago www.anaitasuna.org helbidean aurkitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide