Ander Zubizarreta Euskal Herriko Duatloiko txapelduna da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko api. 23a, 11:28

Ander Zubizarreta azkoitiarra Euskal Herriko Distantzia Luzeko Duatloiko txapelduna bihurtu zen joan zen larunbatean, 23 urtez azpiko kategorian. Arrigorriagan (Bizkaia) jokatu zuen lasterketa 45. postuan amaitu zuen Azkoitiko Triatloi Taldeko kideak, eta guztira hiru ordu, 57 minutu eta 35 segundo behar izan zituen amaitzeko. «Ezusteko handia izan da Euskal Herriko txapelketa irabaztea; ez nuen inondik inora espero», adierazi dio Zubizarretak Urola Kostako Hitza-ri. Denboraldirako ezarrita zuen helburua aise gainditu du gazteak; «nire buruari jarrita nion asmoa zen podiumean sailkatzea. Zentzu horretan gustura nago». Lehendabizi 12 kilometro egin behar izan zituen korrika azkoitiarrak, eta 75 kilometro bizikletan eginda, 12 kilometro lasterketa eginda amaitu zuen proba; «orokorrean, proba ondo joan zen, baina azkenengo txanpa oso gogorra egin zitzaidan». Zubizarreta aurreko denboraldian hasi zen duatloiak egiten, eta uztailean Ironbike proba egitekoa da Italian. «Aurtengo denboraldian duatloi gutxitan hartu dut parte, eta azkeneko lasterketak Italiako probarako prestatzen joateko balio izan dit». Hori hala, aurrerantzean korrika alde batera utzi eta Ironbike probarako prestatzen hasiko dela jakinarazi du. Arrigorriagako duatloian, bestetik, Azkoitiko taldeko gainontzeko hainbat kide ere lehiatu zen; horien artean Jokin Sudupe Pio-k 17. postuan amaitu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide