Umeak danborra jotzen, larunbatean.
(Azkoitiko Udala)
Umore Ona elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatutako umeen daborradak gorakada nabarmena izan du aurten; aurreko urtean baino hiru aldiz ume gehiagok hartu zuten parte joan zen larunbat arratsaldean; ia 300 haur irten ziren kalera, Umore Ona elkartearen arabera. Larunbatean egin zuen euriaren eraginez, ordea, azken unera arte itxaron behar izan zuten danborrada atzeratu ala ez erabakitzeko, baina azkenean aurrera egitea erabaki zuten; ohiko ibilbidea zerbait moztu bazuten ere, umeak ez ziren kikildu, eta gogotsu ekin zioten danborradari.
Data aldatu, eta Pazko Asteko larunbatean egin dute ekimena lehendabiziko aldiz, eta hain zuzen, data aldatzea «arrakasta» izan dela adierazi du elkarteak. Izan ere, orain arte Pazko Egunean egin ohi zuten danborrada, baina urtez urte gutxiagotzen joan da umeen kopurua. «Aurten, berriz, muga bat ezarri behar izan dugu, izan duen erantzunaren ondorioz; izena emateko asmoa zuten batzuei ezetza esan behar izan diegu, gainera». Hori hala, danborradak izan duen erantzunaren balorazio positiboa egin du Umore Onak, eta aurrerantzean ere data berria mantentzeko asmoa azaldu du.