Martxoko bileran 30 lagun inguru elkartu ziren. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Hondakinen Lan Taldeak bigarren bilera egingo du asteazkenean; oraingo honetan Gipuzkoako Hondakinen Plana jorratuko dute bertaratzen diren herritarrek eta adituek; hala nola, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako kide eta San Markos zabortegiko lehendakari ohi Imanol Azpirozek plana aurkeztuko du, eta ondoren mahai ingurua izango da, gaiaren inguruan iritziak eta ekarpenak jasotzeko.
18:30ean egingo dute bilera, Elkargunean, eta udalak herritarrei dei egin die bertaratzera, eta «aurreiritziak baztertu» eta teknikarien informazioa jasotzera; «azkoitiar oro gara hondakinen sortzaile, beraz, denok gara egun dugun arazoaren arduradun».
Pasa zen hilean abiatu zuen Azkoitiko Udalak ekimena, eta ekainera bitartean beste hiru saio egingo dituzte; maiatzak 8an, bilketa eredu desberdinak jorratuko dituzte; hala nola, atez atekoa, bosgarren edukiontzia edota Itsasondoko eta Oreindaingo ereduak. Ekainaren 5ean, berriz, Azkoitiko datu ekonomikoak izango dituzte hizpide, eta hondakinen kudeaketaren sistema ezberdinen kostuak aztertuko dituzte; azkenik, Urola Erdiko Prebentzio planaren eta saioen balorazioa egingo dute ekainaren 19an.