Arrazakeria eta xenofobia gaitzesteko elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mar. 22a, 14:32

Herritar ugari elkartu zen atzo, plazan
(Ane Olaizola) Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Egunean, herritar ugarik elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Azkoitiko plazan. Aniztasun Kontseiluak deituta, jatorri desberdinetako herritarrak elkartu ziren, gertakari arrazistak salatzeko. Kontseiluaren ustez, "arrazakeria instituzionala" da Europan gertatzen den xenofobia "adibiderik nabarmenena eta argiena". "Atzerritartasun politikak eta legeak gure herritarrak 'atzerritar' eta 'nazionalen' artean sailkatzen dituzte, eta bakoitzaren eskubideak sailkapen horren arabera definitzen dituzte", adierazi zuten atzo. Hain zuzen, Kontseiluaren iritziz, Azkoitiko zein Euskal Herriko "kultura eta jatorri aniztasuna" da gizartearen "ezaugarri aberasgarrienetariko bat". Hori hala izanik, taldeko partaideek berretsi zuten arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lanean jarraitzeko eta herritar guztiei "aukera berdintasun zein desberdintasun eskubidea" bermatzeko konpromisoa dutela; hala nola, eskubide politiko eta zibilak, ekonomikoak, sozialak, babes eskubideak edota hizkuntza eskubideak. Aniztasuna "balio positibo" gisa onartua izan dadin, bizikidetza bultzatzeko lan egingo dutela azpimarratu zuten; "zurrumurruak baztertu eta elkar ezagutzearen bidetik egingo dugu hori"; hala, udalari dei egin zioten norabide honetan lan egin dezan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide