Losintxa Lehiaketako sariak banatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mar. 18a, 16:36

Itsaso Garcia, Azkoitiko Losintxa Lehiaketako saria jasotzen
(Ane Olaizola) Urola Korrika 18k Losintxa Lehiaketa antolatu du Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Hiru astetan zehar herritarrek euren losintxak egiteko aukera izan dute hiru herrietan, eta antolatzaileen arabera, parte hartzea "handia" izan da. Hala, "lehia gogor baten ondoren", antolatzaileek dagoeneko aukeratu dituzte irabazleak; Azkoitian, Itsaso Garciak jaso zuen saria joan zen larunbatean, honako losintxari esker: Esan zidaten munduaren irudia emateko eta zure argazkia eman nien. Zestoan, berriz, Ane Iturria izan da irabazlea, Zure begien distira nire bidearen argia da losintxarekin. Azpeitian asteazkenean jakinaraziko dute lehiaketako irabazlea, korrika pasa aurretik egingo duten txotxean, hain zuzen ere. Korrikako Festa ospatu zuten joan zen larunbatean Azkoitian, eta goizetik gauera bitartean ekintza asko izan ziren herrian; goizean, mahaiaren inguruan eserita, Mintzasalda ekimena egin zuten zenbait herritarrek, eta iluntzean txotxa zabaldu zuten Kontzejupean, herriko bertsolariek girotuta. Dena den, jende gutxi batu zen ekimenera. Gaueko kontzertuek erantzun hobea izan zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide