Korrika Kulturaleko ekimen ugari izango dira Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mar. 7a, 18:17

  Azkoitiko Korrika Kulturaleko antolatzaileak
(Hitza)   Azkoitiko Korrika Batzordeak Korrika Kulturaleko ekimen ugari antolatu ditu datozen egunetarako; Gazta zati bat dokumentalaren soinu bandaren ikuskizuna eskainiko dute bihar, 22:00etan, Baztartxo antzokian; Udane Juaristi artistak hartuko du parte, eta honek mural bat margotuko du zuzenean. Musikarekin uztartuko dute saioa, eta Xabi Solano, Zigor DZ, Keu Agirretxea eta Aitor Zabaletaren ondoan izango da azkoitiarra. Sarrera sei euro kostatuko da. Astelehenetik aurrera, berriz, hitzaldi sorta izango da herrian; Juan Ramon Alberdi antropologiako ikasleak eta mintzalagunak Aforismoak: hitz gutxitan asko esateko hitzaldia eskainiko du astelehenean. Asteartean, berriz, Juan Bautista Mendizabal historialariak  Azkoitiko mitologia hitzaldia eskainiko du. Hilaren 13an, asteazkenean,  euskarazko Wikipediko kidea eta mintzalaguna den Josu Alberok Wikipedia euskaraz, 10 urte izenpean eskainiko du saioa. Azkenik, hilaren 14ean, Alberto Gonzalez pilotagilea Azkoitiko pilotagintzaz arituko da. Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira, Elkarguneko Oteiza Plaza aretoan. Hilaren 16an, larunbatean, Korrikaren Festa izango da Azkoitian, eta egun osoan ekitaldiak izango dira han-hemenka. Kontzejupean, Mintzasalda egingo dute; talde txikiak mahaiaren inguruan elkartuta, gai desberdinen inguruan euskaraz hitz egingo dute, 11:30ean. 20:30ean, berriz, Losintxa Lehiaketako sari banaketa egingo dute. 21:00etan bertso txotxa egingo dute, eta herriko bertsolari profesional eta afizionatuak arituko dira kantuan. Gauean, berriz, The friday´s crew eta Arcada Social taldeen kontzertuak izango dira herriko plazan, 23:00etatik aurrera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide