Laxaro Azkune eta Maialen Lujanbio, herenegun
(Floreaga Ikastetxea)
Maialen Lujanbio bertsolariak eman zion hasiera Azkoitiko Euskal Kultur Jardunaldiei, joan zen asteazkenean. Laxaro Azkune kazetari eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidearen galderak erantzunez, bertsolariak, besteak beste, bere ibilbidea izan zuen hizketagai.
Berrogeita hamar lagun inguru elkartu ziren bertsolariaren elkarrizketa zuzenean ikustera. Lujanbiok, egungo bertsolaritzaren egoera azaldu zuen; murrizketei dagokienez, "kultur politika sendo eta ausarta" behar dela azpimarratu zuen, "euskara suspertzen benetan sinesten duena".
Data trukea
Floreaga ikastetxeak eta Guraso Elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak, eta datozen asteetan hitzaldi bana izango dira. Dena den, azken orduko aldaketen eraginez, Jon Sarasuak hurrengo asteazkenean, martxoaren 6an, eskainiko du hitzaldia; hasiera batean hilaren 13rako zegoen aurreikusita honen saioa, eta hilaren 6ean Joseba Gonzalez zen ematekoa. Gonzalezek, azkenean, hilaren 13an eskainiko du.