Astebete atzeratu dute Azkoitiko Haurren Danborrada

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mar. 1a, 12:14

Umore Ona elkarteako kideak, laguntzaileak eta udaleko ordezkariak, atzo
(Ane Olaizola) Azkoitiko Umeen Danborradak aldaketak izango ditu aurtengoan; Umore Ona Elkarteak, danborradako antolatzaileak, eta laguntzaileek astebete atzeratu dute, eta aurten Pazko Astean egingo dute, apirilaren 6an, hain zuzen ere. Azken urteetan dabor joleen kopurua "nabarmen" jaitsi delako erabaki dute dataz aldatzea. Gainera, lehendabizikoz, larunbat arratsaldean izango dute zita. Izan ere, egun horretan euria eginez gero, igandera atzeratzeko aukera izango dute. Orain arte Aste Santuetako Pazko Egunean egiten zuten umeek danborrada, baina urtez urte gutxitzen joan da kopurua, baita parte hartzaileen adina ere. Hori saihestu nahi dute antolatzaileek eta udalak, eta data berriarekin harrera hobeagoa izango duelakoan dira. "Azken urteetan indarra galtzen joan da, eta orain arteko datarekin jarraituz gero, ez ginake 50. urteurrenera", adierazi du elkarteak. Duela bi urte belaunaldi aldaketa izan zen Umore Ona elkartean, eta kide berriek hartu zuten. Gazteek adierazi dute elkartearen "konpromisoei" eustea zela horien helburua, baina danborrada eraberritzeko beharra ikusi dute: "Iazko danborradaka aldaketa eskatzen zuen dagoeneko; ume gutxi irten ziren, eta asko txikiegiak ziren". Aldaketen berri emateko Azkoitiko Musika Bandarekin bilera egin dute, eta horien oniritzia jaso dutela jakinarazi dute. Halaber, herriko Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren mailako zuzendariekin egon dira, eta deialdian esku hartu dezaten eskatu diote, izena ematera animatu ditzaten umeak. Hori hala izanik, bi ikastetxetan eman ahal izango dute izena datozen egunetan. Elkarteak hilaren 6an jasoko ditu izena eman dutenen zerrenda. Inskribatzeko bide nagusia ikastetxeak izango badira ere, horietatik kanpo ere izena emateko aukera egongo dela adierazi dute. Era berean, herriko gurasoek ere inplikatu daitezela nahi dute, egoerari buelta eman eta ahalik eta ume gehienek hartu dezaten parte. Martxoaren 11n hasiko dituzte danborradako entseguak, eta hor ere izango da aldaketarik; izan ere, orain arte 20:00etatik 21:00etara elkartzen ziren prestatzera, eta aurten ordutegia aurreratu dute, eta 19:00etatik 20:00etara egingo dituzte entseguak, Gurea pilotalekuan. Gainontzean, ohiko ibilbidea mantendu egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Urtero bezala, Santa Klaratik irtengo dira, eta umeek ohiko geldialdiak egingo dituzte herrian zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide