'Karakola eta bareak'-k irabazi du II. Mintzalagun Pintxo Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 28a, 16:49

II. Mintzalagun Pintxo Lehiaketa egin zuten joan zen ostiralean, aurreko urteko "arrakastaren" ondotik. Aurtengoan zortzi taldek hartu dute parte, eta Iñaki Alkortak, Javier Camonak eta Agurtzane Epeldek osatutako epaimahaiaren arabera, egindako pintxoak  "goxoak, landuak, imajinazioz aurkeztuak eta maila oso altukoak" izan dira. Juan Karlos Merino, Pili Jimenez, Delia Santamaria, Jose Mari Darias eta Lurdes Albonigak osatutako taldeak irabazi zuen azkenean txapelketa, Karakola eta barea izeneko pintxoarekin, eta Koxka tabernan afaria irabazi zuten. Ondoren, parte hartzaile guztiek mokadutxoa egin zuten bertan. Mintzalagun egitasmoko aurtengo ikasturtean 37 lagunek hartzen dute parte. Doako programa da, eta ikasturte osoan zehar eman daiteke izena. Mintzakideak astean behin elkartzen dira, euskaraz hitz egiteko. Programa horrek 3. ikasturtea du Azkoitian. Informazio gehiago honako helbideetan lortu daiteke: Azkoitiko AEK euskaltegia: izaro-l@aek.org, / 943 15 10 89 Udaleko Euskara zerbitzua: euskara@azkoitia.net / 943 85 71 75

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide