Herri kirolak izango dira igandean
(Onintza Lete Arrieta)
Asteburuan Azkoitiko Baztarrikalde auzoko festak ospatuko dituzte, eta herritarrek ohiko egitaraua dute aurretik. Giro herrikoia izango da nagusi bihartik aurrera, baina aurtengoan zenbait aldaketa izango dituzte; izan ere, asteburuan ez da izango asto karrerarik.
Bihar Azkoitiko Aingeru Guardako Eguna ospatuko da, eta ohi bezala, hango ermitan mezak izango dira goizetik hasita; meza nagusia 10:30ean izango da, eta ondorengoak 12:30ean eta 13:00etan izango dira. Halaber, bedeinkatutako erroskillak salduko dituzte auzoan. Gaueko 22:00etan, berriz, Mus Txapelketa jokatuko dute Orion Elkartean, eta bikoteek 20 euro ordainduko dute parte hartzeko.
Larunbatean, berriz, Plater Tiraketaren 5. Orion Saria jokatuko dute, Izarre Jandalon. Azkoitiko Orion elkarteak antolatu du txapelketa, eta egun guztian zehar jokatuko dute. Izen emateak 21 euroko prezioa du, eta platerak aparte izango dituzte. Maila guztientzat banatuko dituzte sariak.
22:00etan, Joxe Astarbe IV. Zaldi Proba jokatuko dute auzoan. Ohi bezala, igande goizean pilota partidak izango dira, 11:00etan, eta 12:30ean herri kirolak hasiko dira. Trikitilariek girotuko dute saioa, eta Dorronsoro Lakiolaren aurka eta Zaldua Txikiya IV. aurka arituko dira aizkoran. Harrijasotzen, berriz, Goenatxo III. eta Gusta lehiatuko dira.
Arratsaldeko 16:00etan ume jolasak izango dira, eta 17:30ean berriro Joxe Astarbe IV. Zaldi Proba jokatuko dute; Laukinizeko Unai Arestik, Zumaiako Aitor Mancisidorrek eta Orioko Imanol Etxeberriak hartuko dute parte.