Maialen Lujanbiok hitzaldia eskainiko du bihar
(Gari Berasaluze)
Azkoitiko Floreaga ikastetxeak eta Guraso Elkarteak XXIV. Euskal Kultur Jardunaldiak antolatu ditu, Azkoitiko Udalaren babesarekin. Bihartik aurrera hiru hitzaldi egingo dituzte, eta "maila altuko" hizlariak izango dira ikastetxeko On Bosco aretoan. Antolatzaileek adierazi dute egitarau "interesgarria eta aberatsa" prestatzen ahalegindu direla, eta hizlariez gain, horiek jorratuko dituzten gaiak ere "erakargarriak" direlakoan dira.
Maialen Lujanbio bertsolariak emango dio hasiera jardunaldiei; elkarrizketa baten bidez, hainbat gai jorratuko ditu Lujanbiok. Hala nola, bertsolaritza, emakumeen egoera eta egungo gizartea izango ditu hizpide. Hurrengo hitzaldia hurrengo asteazkenean izango da, martxoaren 6an. Joseba Gonzalez Sugasti azkoitiar apaiza izango da ekimenean. Teologian Dokotorea, teologia irakaslea eta Donostiako Eliz barrutiko Bikarioa da Gonzalez, eta 2013ko azaroaren 13ra artean Fedearen Urtea ospatzen ari diren aitzakiarekin, sinesmenari buruz hausnartuko du azkoitiarrak, Fedearen urtea: Jainkoaren bila izenpean.
Jon Sarasua bertsolari, soziologo eta irakasleak emango dio amaiera ekimenari. Barrurago ote daude krisiak? hitzaldia eskainiko du Sarasuak. Hitzaldi guztiak 19:30ean izango dira, euskara hutsean, eta sarrera doakoa izango dute herritarrek. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu ditu bertaratu daitezen.