Herritar ugari bertaratu ohi da Azkoitiko Outlet Azokara.
(Xabier Otamendi)
Azkoitiko Herrixen Merkatari Elkarteak laugarren aldiz antolatu du Outlet azoka, eta asteburuan zehar herriko saltokietako produktuak ohi baino merkeago erosteko aukera izango dute herritarrek; aurtengoan, ordea, hiru eta hamar urte bitarteko umeentzako zaintza zerbitzua ere egokituko du elkarteak, azokara joaten direnek «lasaiago eta erosoago» egin ditzaten erosketak; «ahalik eta erraztasun gehien eman nahi diegu herritarrei», adierazi du Olaia Zabaletak, Herrixen elkarteko teknikariak. Hala, Elkargunean bi areto zabalduko dituzte, eta handienean azokan izango diren dendak egongo dira; ondoko areto txikian, berriz, umeentzako jolasak prestatuko dituzte, eta bi begirale egongo dira horiek zaintzen. Lehenengo urtean ere eskaini zuten zerbitzua, eta orduan izan zuen harrera dela eta, aurtengoan ere errepikatzea erabaki dute.
Larunbat eta igandean zabalduko dute Outlet azoka, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. Laugarren aldi honetan elkarte barruko 12 dendek hartuko dute parte. Aurreko urteetan baino gutxiago izango dira. Izan ere, Zabaletak adierazi du aurreko urtean parte hartu duten bost saltoki itxi egin direla; elkartearen ustez, urtea zaila izan da herriko saltokientzat; «krisia sektore guztietan nabari da, eta baita herriko merkataritzan ere. Hainbat saltokik egoera larria bizi dute, eta horren isla da denda batzuk itxi egin direla».
Ekimena «gustukoa»
Azkoitiko merkataritza sustatu eta saltokiek salmentak igo ditzaten, ordea, halako ekimenak formula egokiak direla aipatu du teknikariak. Izan ere, aurreko hiru urteetan Azkoitiko Outlet azokak «harrera oso ona» izan duela azpimarratu du: «Oso balorazio ona egin dugu urte guztietan. Bi aldeek gustura hartzen dute; izan ere, dendariek almazenean dituzten produktuak ateratzeko eta saltzeko aukera izaten dute; herritarrek, berriz, produktu egokiak merke erosteko aukera izaten dute». Hori hala izanik, aurtengoan ere ekimenak erantzun ona izango duelakoan da elkartea.