Iazko Tenis Openeko finalistak eta antolatzaileak
(Txerloia Tenis Kluba)
Txerloia Tenis Klubak Azkoitiko Tenis Opena antolatu du hogeita batgarren aldiz, eta ohi bezala, bi modalitatetan banatuko dute txapelketa; gazteena hurrengo ostiralean, martxoaren 1ean, hasiko da, eta helduena martxoaren 28an. Taldeak dagoeneko zabaldu du txapelketan parte hartzeko izena emateko epea, eta gazteak hilak 28ra bitartean inskribitu daitezke; helduek, berriz, martxoaren 4era bitartean izango dute horretarako aukera.
Gazteen multzoan alebinak (2001-2002), infantilak (1999-2000), gazteak (1998-1995) lehiatuko dira. Banaka ez ezik, binaka jokatzeko aukera ere izango dute, beti ere gutxieneko kopuru bat osatzen bada. Lehiakideek euren artean antolatuko dituzte partidak, eta ekainera bitartean nahi duten egunean eta orduan jokatuko dituzte. Banaka eta binakako modalitatean 10 eurotan izango dute inskripzioa, eta horren baitan izango dituzte partidu guztiak eta pilotak.
Helduei dagokienez, honako kategoriek hartuko dute parte; bakarka, gizonezkoak, emakumezkoak eta beteranoak arituko dira, eta binakakoan hiru kategoriak batzeko aukera izango dute. Banakako partidak ligaxka moduan jokatuko dituzte, eta bakoitzari Fortx4 pilota botea emango diote; final zortzirenetatik aurrera, berriz, bola berriak izango dituzte saio bakoitzerako, eta horiek 15 eurotan izango dute izen ematea. Binakakoetan 10 euro ordainduko dute, eta txapelketa kanporaketa bidez jokatuko dute. Kasu horretan, partida bakoitzeko izango dituzte bola berriak. Informazio gehiago txtenis@gmail.com helbidera idatzita edo 669 621 802 telefonora idatzita lortu daiteke.