Elkartasun ekimena hasi du Caritasek, enpresa batek emandako altzariekin

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 20a, 17:00

Azkoitiko Caritaseko kideek interesa dutenei informazioa emango die zabaldu duten lokalean.
( Ane Olaizola) Azkoitiko Caritasek ekimen berri bat jarri du martxan herrian; eskualdeko altzari enpresa batek altzariak eman dizkio taldeari, eta honek herritarren esku utzi ditu, borondatezko diru kopuru baten truke eskuratu ditzaten. Azkoitiko Aingeru Kaleko bigarren solairuaren etxabetan ireki du horretarako lokala Caritasek, eta martxoaren 22ra bitartean egongo da martxan zerbitzua; ondoren, biltzen duten dirua herriko behartsuei laguntzeko erabiliko dute. Taldeko kide den Romualdo Larrañagak adierazi duenez, enpresak «inongo interesik gabe» eta dohainik eman dizkiete altzariak; hala nola, apalak eta apalategiak, mahaiak edota oinetako-altzariak dituzte. Bakoitza dakion kaxan sartuta, neurriaren eta motaren arabera dituzte sailkatuta. Herritarrak, ordea, «malezian» eror ez daitezen, eman beharreko gutxi gorabeherako borondatea finkatu egin du Caritasek; «ez dugu saltzeko asmoz eta helburu komertzialekin egiten, baina irizpide batzuk jarri behar izan ditugu». Hori hala izanik, altzari bakoitzari «prezio orientagarria» jarri diote, eta interesa dutenenek zehaztutako prezio horren bueltan eraman ahal izango dute materiala; nahi izanez gero, aparteko borondatezko kopuru bat ere eman diezaiokete. Dena den, altzariren bat izateko «beharra» dutenei eta hori ordaintzeko zailtasunak dituztenei doain edo «ahal duten kopurua ordainduta» emango dietela adierazi du Larrañagak. «Doan hartu duguna dohanik emango diogu ordaindu ezin dutenei. Baina ordaintzeko arazorik ez dutenek jakin behar dute ekimenak helburu sozial bat duela, eta ezin dutela borondatearen zentzuaz aprobetxatu eta zuhurrak izan». Aingeru Kalean zabaldu dute lokala.
(Ane Olaizola) Antolatzaileek argi eta garbi utzi nahi izan dute ekimena ez dela «negozioa»; horregatik, prezioan ez ezik, eramangarri dauden material kopurua ere mugatu egingo dute; «ezin dute nahi beste altzari eraman». Taldeak berretsi du «elkartasunezko» saio bat dela martxan jarri berri dutena, eta horregatik lortzen duten dirua Caritasek bere helburuak bete ditzan erabiliko dute; hau da, herriko behartsuak lagunduko dituzte; «beharra duten arabera lagunduko diegu, orain arte egin dugun bezala; batzui alokairua ordaintzen lagunduko diegu edota besteei janaria emango diegu. Modu asko daude laguntzeko, eta gero eta jende gehiagok dute beharra». Herritarrek altzariak merkatuko ohiko prezioan baino baxuago jaso ditzakete, baina Larrañagak adierazi du inguruko enpresei ez diela «lehia egiten»; «eskualdean ez dago halako tresneriarik egiten duen enpresarik, eta zentzu horretan ez diogu kalterik eragingo», dio. Martxoak 22ra arte zabalik Hori guztia kontutan hartuta, Larrañagak aitortu du ekimena abian jartzeko zalantzak izan dituztela; «asko eztabaidatu dugu; berez, gure lana ez da altzariak saltzea, eta horregatik erabaki genuen borondatearen bidez aurrera eramatea ekimena». Hori hala izanik, aurrerantzean halako proposamenik iritsiz gero, materialak Traperos de Emaus fundaziora bideratuko dituztela aurreratu dute. Halaber, martxoaren 22rako altzariak sobratuko balira, hara eramango dituzte. Joan zen astelehenean hasi zuten zerbitzua; astelehenetik ostiralera bitartean zabalduko dute egoitza, 16:00etatik 19:00etara bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide