Lurrak GI-3172 errepidea hartu zuen joan zen astean. (Ane Olaizola/Hitza)
Aurreko astean Azkoitiko Martirieta auzoan izan zen luiziak GI-3172 errepidea eraman duela baieztatu du Azkoitiko Udalak. «Lur eta zuhaitz ugari pilatu da lur-jausiaren ondorioz, eta goikaldetik ikusi dugu zulo handi bat dagoela errepidea zegoen lekuan», adierazi du Inaxio Gorosabelek, Azkoitiko Udaleko zinegotziak. Joan zen ostiraletik aldundiko teknikoak lekuan bertan ari dira egoera aztertzen, eta horiek ondorioztatu dute luziak «errepidearen zati handi bat» eraman duela. Hori hala, errepide berria egingo dute, eta prozesuak «luze» joko duela jakinarazi du Gorosabelek. Oraindik ez dute zehaztu amaiera datarik, baina «hilabetetako lana» izango dela aurreratu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eramango ditu lanak aurrera, eta lehenengo pausoa ur korronteak desbideratzea izango da. «Ura desbideratzen bada, lurra lehortu egingo da, eta orduan ikusi ahal izango dute lurrak zenbateraino eraman duen bidea». Izan ere, lurra oso bustia dago, eta mugitzen ari da oraindik. Egonkortzen denean hasiko dira kalteak baloratzen eta azterketa geologikoak egiten, aldundiak adierazi duenez.
Ipintzako bidean «oztopoak»
Martirietako biztanleen egunerokotasuna bermatzeko, ordea, behin behieneko bi bide alternatibo zabaltzeko asmoa dute erakundeek. Dagoeneko hasi da horretarako lanean, baina udalak esan du Ipintzatik egitekoak ziren bidean «oztopoak» aurkitu dituela. Beraz, auzoaren behealdera heltzekoa zen bidearekin zer egin «aztertzen» ari da. Bigarren bidea Olotzatik gora irekiko dute, eta hori auzoaren goikaldera iritsiko da. Ostiralean ekin zioten bidea egokitzeari, eta larunbatean ere jardun zuten horretan. «Ahalik eta bide zabalenak egingo ditugu, autoak eta kamioi txikiak pasa daitezen». Udalak adierazi du bere helburua dela behin-behineko bideak «ahal bezain azkar» irekitzea.
Momentuz, ordea, Martirietara joan-etorrian ibiltzeko Aizpurutxoko bide bat egokitu dute, eta auzotarrei herrigunera joateko eta auzora itzultzeko zerbitzua ematen die udalak, lur orotako ibilgailu baten bidez. Luiziaren eraginez kaltetuta dauden 78 bizilagunen beharrei erantzuteko asmoz jarri dute martxan zerbitzua; hala nola, umeak egunero ikastetxeetara eramateko erabiliko dute.