Azkoitiko Udalak Martirietara joateko bi bide alternatibo irekiko ditu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 14a, 14:59

Luizia, goikaldeko ikuspegitik
(Urtzi Oteiza) Joan zen asteartean Martirieta auzoan gertatu zen lur jausiaren eraginez inkomunikatuta geratu ziren baserrietako biztanleei segurtasuna eta egunerokotasuna bermatu diezaioten, neurriak hartu ditu Azkoitiko Udalak; hala nola, auzora joateko bi bide alternatibo irekitzea erabaki du; bata, Olotzatik gora irekiko dute, eta hori auzoaren goikaldera iritsiko da; bestea, berriz, Ipintza auzotik egokituko dute, auzoaren behekaldera. Udalak adierazi du dagoeneko hasi direla makinak horretarako lanean, eta astebetean erabiltzeko moduan izango dela aurreikusten dute; bitartean, ordea, «herritarren beharrei» erantzuteko lur orotako ibilgailua edo 4 x 4 ibilgailua ibiliko da. Zerbitzu hori erabiltzeko aukera behar duen orok izango du, eta horien artean izango dira egunero ikastetxeetara joan behar duten haurrak ere; udalak argitu du zerbitzu hori behar duten lau ume daudela egun. Udalak argitu du «une oro» daudela auzotarrekin harremanetan, eta oraingoz sortu diren beharrak horiek direla adierazi du; «bestelako beharren bat sortzen bada, hori ere lehenbailehen erantzutela izango da helburua». Pello Bastarrika alkateak eta Inaxio Gorosabel zinegotziak egoeraren berri emateko agerraldia egin dute eguerdian, eta adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak bihar bertan direla Martitera joatekoak, luizia gertatu zen lekua aztertu eta egin beharreko lanak zehaztera. Izan ere, Aldundiari dagokio errepidea, eta honek hartuko ditu behar diren erabakiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide