Azkoitiko San Jose egoitzako langileek "hitzarmen duina" lortzeko mobilizazioak hasi dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 8a, 15:01

Eguerdian egin dute elkarretaratzea langileek, eliz atarian
(Ane Olaizola/Hitza) Azkoitiko San Jose egoitzako langileek protestak hasi dituzte, "lan hitzarmen duina" aldarrikatuz. ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian beharginek, eliz atarian, eta horiek aurreratu dute asteartero eta ostegunero egingo dituztela kontzentrazioak; halaber, hitzarmenik lortu ezean, otsailaren 27an, 28an eta martxoaren 1ean greba egingo dute. Enpresa Batzordearen arabera, Gipuzkoako Lan Hitzarmena "iraungita" dute, eta hori berritzeko negoziazioak hasi dituzte. Uztailaren 8rako adostasunik lortzen ez bada, ordea, Espainiako Lan Hitzarmena jarriko dietela indarrean adierazi dute, eta horrek  langileei "ondorio negatiboak" eragingo dielakoan dira; "Espainiako hitzarmena langileontzat oso kaltegarria da; hilean 400 euro gutxiago jasoko genituzke, eta urtean, berriz, 200 ordu gehiago egin beharko genuke lan". Biharko enpresak kudeatzen du Azkoitiko egoitza, eta sindikatuak eta zuzendaritza hitzarmena adosteko negoziaketetan dabiltza, baina oraindik ez dira akordiora iritsi; Enpresa Batzordearen esanetan, zuzendaritzak, urtean 39 ordu gehiago lan egitea eta soldatak izoztea proposatu die. Langileen helburua, ordea, "orain arteko baldintzei eustea" da; beraz, akordiorik ez dute lortu egun, eta azken bileran negoziazioak "hautsi" egin zirela adierazi dute. Hori hala izanik, adostasunera iritsi daitezen Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat proposamen helarazi dizkie, eta horiek "aztertzeko" bilera egingo dute hurrengo asteartean. Langileek joan zen abendutik dute hitzarmena balio gabe, eta uztailera bitartean "luzapen" egoeran egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide