Juaristik ‘Gazta zati bat’ laneko soinu bandaren ikuskizunean hartu du parte

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 7a, 13:38

Udane Juaristi ikuskizuneko une batean, murala margotzen.
(Hitza) Jon Maia zumaiarrak zuzendutako Gazta zati bat dokumentalaren soinu bandarako sortutako abestiak taularatzeko ikuskizuna sortu dute Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslariak eta Zigor DZ disko jartzaileak. Biak dira dokumentalerako sortu zituzten abestien egileak, eta ikuskizunetan Udane Juaristi artista azkoitiarra izango dute ondoan. Juaristi Solano, Zirgor DZ, Keu Agirretxea eta Aitor Zabaleta musikariekin batera izango da eszenatokian, eta guztien artean musika, irudia eta zuzeneko sorkuntza uztartuko dituzte; hala, besteek kontzertua eskaintzen duten bitartean, azkoitiarrak muralak margotuko ditu zuzenean; «abesti nahiko lasaiak jotzen dituzte, eta kontzertua nahiko estatikoa da; orduan, mugimendu pixkat eman nahi zioten ikuskizunari, eta horregatik pentsatu zuten norbaitek margotzea egokia izango litzatekela», azaldu du Juaristik. Azkoitiarraren artelanen erakusleiho izan ohi dira kaleak; herrian, esaterako, badaude hainbat txoko bere lanekin, eta hain zuzen, ekimeneko sustatzaileak horietatik abiatuta izan zuen artista azkoitiarraren berri; «Esne Beltza taldeak Azkoitian kontzertua eskaini zuenean, Lidl saltoki ondoko muralak ikusi zituzten, eta fitxatu egin zituzten». Horrez gain, Juaristiren margotzeko teknikak musikarekin bat egiten duela adierazi du; «musika tradizionala eta modernoa batzen dute, eta Zigor Dj-ak nahasketak egiten ditu; nik ere nahasketa asko egiten ditut margotzen, eta horregatik deitu zidaten egitasmoan parte hartzeko proposatuz». Proposamenak «ezustean» harrapatu zuela aitortu du Juaristik. Lehenengo aldia izan halako ekimen batean hartu duela parte, eta «gustura» sentitzen dela adierazi du; «Bai Euskaraiko emanaldi baten antzeko gauza bat egin nuen, baina ekimen hau desberdina da. Oso esperientzia polita ari da izaten; hasieran, oso urduri sentitzen nintzen, baina behin puntua hartu diodala, uste baino hobeto ari da izaten». Gazta zati bat dokumentaleko soinu bandaren bira hasi dute dagoeneko, baina Juaristik adierazi du bestelako abesti batzuk ere taularatuko dituztela; dokumentaleko irudiak ere proiektatuko dituzte emanaldian, eta hain zuzen, Juaristik horren inguruko margolanak sortuko ditu; «lehenengo saioan Idiazabaldo Luis Katarain artzaina izan dut protagonista». Dena den, emanaldi bakoitzean mural desberdina egiten saiatuko dela adierazi du margolariak. Saio bakarra eskaini dute orain arte; Hernanin 90 lagun inguru elkartu zirela aipatu du Juaristik, oraindik orain ekimena «asko zabaldu gabe» dagoela uste duen arren. Dena den, dagoeneko hainbat emanaldi lotu dituzte; igandean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian arituko dira, 20:00etan. Ondoren, Lekunberrin, Amurrion, Gernikan edota Ondarroan eskainiko dituzte saioak; momentuz, ez dute eskualdean emanaldirik zehaztu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide