Martxoaren 20an eta 23an iritsiko da Korrika eskualdera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko ots. 6a, 13:45

Korrika 17, Urrestillan
(Mailo Oiarzabal) Egutegia: martxoak 20, asteazkena (Azkoitia. 21:46:40/Azpeitia. 22:10:04/Azkoitia. 22:39:07). Martxoak 23, larunbata (Zestoa. 11:09:19/Zumaia. 12:32:07/Getaria. 13:31:37/Zarautz. 14:06:14/Orio. 15:01:30). AEK-ko arduradunek aurkeztu dute aurtengo Korrika. Martxoaren 14tik 24ra bitartean Euskal Herri osoa igaroko dute herritarrek euskararen alde, eta Urola Kosta eskualdera martxoaren 20an eta 23an iritsiko da. Azkoitira joango da lehendabizi Korrika, Elgoibarretik, eta aurtengoan bi aldiz igaroko dira euskalzaleak herritik; izan ere, Azkoititik Azpeitirako bidea hartuko dute horiek, eta han itzulia egin ondoren, berriro Azkoitira joango dira, Bergarara bidean. Azkoitian eta Azpeitian gauez egingo dute aurten korrika herritarrek. Martxoaren 23an, larunbatean, iritsiko da berriro Korrika eskualdera; Debatik Zestoara sartuko dira euskalzaleak, eta 11:00ak ingururako egitera aurreikusten dute antolatzaileek. Handik, eskualdeko kostako herriak igaroko dituzte; hau da, Zestoatik, Getariara, Zarautzera eta Oriora joango dira. Hamazortzigarren Korrikak Andoaindik irtengo du martxoaren 14an, eta Euskal Herrian zehar bi mila kilometro baino gehiago egin ondoren, Baionan amaituko da hamar egunetara; Eman euskara elkarri da aurtengo Korrikaren leloa. Antzolatzaileek, horren bidez, euskara «kohesiorako tresna» eta «elkarbizitzarako gakoa» dela aldarrikatu nahi dute. Hala, hizkuntzaren erabileraren garrantzia azpimarratu nahi dute, eta horregatik euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasleak omenduko dituzte. Antolatzaileek dagoeneko zehaztu dute 18. Korrikako ibilbidea, eta herri bakoitzera zer ordutan iritsiko den ere aurreikusi dute; dena den, aurtengo edizioak berrikuntza bat izango du; aplikazio bat sortu dute, Korrikak uneoro herri bakoitzera iristeko zenbat kilometro eta zenbat denbora falta duen jakiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide