Azkoitiko Udalbatza, atzo
(Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko Udalak jardueren eta obren prozedurei lotutako udal ordenantza onartu du; prozesuak sinplifikatzeko eta zerbitzuak liberalizatzeko asmoz, obren eta jardueren aurre komunikazioa arautu egin dute, eta prozedura erabat aldatuko dute. Aurrerantzean ez da udalaren lizentziarik behar izango herrian obrak edo jarduerak hasteko. Horren ordez, dokumentu bat aurkeztu beharko dute udaletxean, jarduera eta lanak hasiko dituztela jakinaraziz. Horrekin batera, memoria eta zirutagiri teknikoa eraman beharko dute. Ondoren, udal teknikariek obrak edo jarduerak kontrolatuko dituzte, herritarrak aldez aurretik zehaztu duten bezala egiten ari direla frogatu dezaten.
Araudi berriak 300 metro kuadro baino gutxiagoko egoitzei eragingo diete, eta bi salbuespen izango ditu; izan ere, ondare historikoak eta jabari publikoko ondasunak ordenantzatik kanpo geratuko dira, eta kasu horietan orain arteko prozedura jarraitu eta udalaren lizentziak beharko dituzte jarduerak edo obrak hasteko.
Udal Ordenantza behin behinean onartu zuen atzo udalak, eta hilabetez jendaurrean jarriko dute, interesatuek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.