Atzoko elkarretaratzeko irudia
(Ane Olaizola/Hitza)
Azkoitiko Cooperativa Azcoitiana Industrial S.Koop enpresako lan istripuan hil zen Jesus Mari Goenaga langilearen heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuten haren senideek eta zenbait herritarrek atzo, herriko plazan. Dozenaka lagun bildu ziren ezker abertzaleak deitutako protestan, Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lemapean.
Udal Gobernua "lan segurtasunaren alde" lanean
Lan istripuaren aurrean, Azkoitiko Udal Gobernuak bere samina eta elkartasuna adierazi die langilearen senideei, lagunei eta lankideei, eta halako ezbeharrik errepikatu ez dadin lan egiteko konpromisoa hartu du; honek adierazi du lan munduan "osasuna eta segurtasuna bermatzen duen eredua" beharrezkoa dela, lan istripuen "egiturazko arazoari" aurre egiteko; bide horretan, "prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasuna" ezinbestekoak direla azpimarratu dute, baita horien kontrako delituen jazarpena; "gu, Azkoitiko Udala, bide horretan lan egiten saiatuko gara. Lan prebentzioaren kultura langileen artean eta gizarte osoan zabaltzeko ahalegina egingo dugu".
Gizarte, ekonomia eta administrazio publikoek elkarlanean lan egin behar dutela azpimarratu du; "eremu horietako eragile zein herritarrak hala egitera deitzen ditugu". Enpresei dei berezia egin die laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete eta betearaz dezaten.