'Poza' antzezlana
(Metrokuadroka Kolektiboa)
Laugarren urtez antzerki jardunaldiak egingo dituzte Matadeixen, eta aurtengoan, ohi baino gehiago iraungo du ekimenak; otsailetik ekainera bitartean antzerkiaz «lasai» gozatzeko aukera izango dute herritarrek, eta lehenego emanaldia igandean izango da; Metrokuadroka Kolektiboak Poza: zergatik dantzatzen dute Bosniarrek? taularatuko du, publikoak pozaren eta edernatsunaren inguruan hausnartu dezan.
Jabi Barandiaran, Idoia Bertaarbide, Ander Fernandez, Oier Guillan eta Asier Sarasola dira obrako bost aktoreak, eta fikziozko argumentua baldin badute ere, esaten duten guztia «egia» izango da, eurek ere «zintzotasun artistikoaren bila» dabiltzalako. «Pertsonalaiak zerbait ederra sortzen saiatzen dira, eta sormen prozesu horretan biluztu egiten dira», azaldu du konpainiak. Horretarako abiapuntu lagun bosniar batzuekin egindako afaria dute pertsonaiek; «pertsonaietako batek afari bat konpartitu zuen behin bosniar lagun talde batekin, gerra istoriorik lazgarrienak bizi ostean han ikusi zituen dantzatzen, kantatzen, mozkortzen, eztarria urratzen, bizitza ospatzen.Esperientzia lazgarri bat bizi izan duen inor dantzatzen ikusteak sortzen dion egonezina da lan honen oinarria».
Taldeak disziplina artistiko desberdinak jorratzen ditu emanaldietan, baina obra honekin «pauso bat haratago» eman dute; «poesia, teatroa, pintura eta musikatik abiatzen gara, baina oraingoan disziplina desberdinak argumentu batean txertatu ditugu».
Igandeko saioa aurre estreinaldia izango da, eta lana «publikoarekin kontrastatzeko» eta «behar diren aldaketak» egiteko «aukera aparta» izango dela azpimarratu dute. Martxoan izango da obraren estreinaldia.
Guztira bederatzi emanaldi eskainiko dituzte Matadeixen, Antzerki Jardunaldien barruan. Horien artean izango dira eskualdeko konpainiak; hala nola, Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias zarauztarrek Ta oain ze? antzezlana taulaaratuko dute hilaren 24ean; jardunaldiak ixteko etxeko talde bat hautatu dute antolatzaileek; izan ere, Biboterik gabea talde azkoitiarrak Kontuk eta Komerik antzezlana eskainiko du. Jardunaldiko emanaldi guztiak Matadeixen izango dira, 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek sarrerak bost eurotan jarri dituzte.