«2014rako boluntariorik ez balego mendi elkartea desagertu egin liteke»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urt. 23a, 12:34

Goian, Iokin Beristain eta Aritz Oruesagasti, eta behean Iñigo Alberdi eta Enaitz Eizagirre. Azken biak dira egungo batzordeko kideak.
(Anaitasuna Mendi Bazkuna) Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkuna ezohiko egoeran dago aurten. Lehenengo aldiz, bi kidek osatuko dute elkarteko zuzendaritza. Enaitz Eizagirre eta Iñigo Alberdi Axiri izango dira batzordea osatuko dutenak, eurek hartu baitute euren gain 2013 urteko ekitaldiari babesa emateko ardura. Zuzendaritzan parte hartzeko boluntariorik ez dagoelako heldu dio erronkari bikoteak. Izan ere, azken urteetan lau kidek osatu izan dute batzordea. Bi urtero bi kide batzen zitzaizkion zuzendaritzari, denbora gehien zeramaten biak ordezkatuz. Hala, kide bakoitza bi urtez izaten zen zuzendaritzako partaide. Iazko abenduan egin zuten batzarra, eta ez zen ordezkorik aurkeztu. Ordutik boluntario bila jardun dute kideek, eta lortu ez dituztenez, zuzendaritza bi kiderekin eratzea erabaki du taldeak. Urtebetez jardungo dute zuzendaritzan Eizagirre eta Alberdi, eta ondoren zuzendaritza berritzeari ekingo diote. «Orduan boluntariorik aurkitzen ez bagenu, zuzendaritzarik gabe geratuko litzateke bazkuna, eta taldea bera desagertzeko arriskuan egongo litzateke», ohartarazi du Eizagirrek. Dena den, ez dute uste puntu horretara iritsiko direnik. Eizagirreren arabera, azken urteetan kosta egin zaie zuzendaritzarako ordezkoak topatzea. Boluntariorik aurkezten ez bada, zozketa egitea izaten da aukeretako bat, baina aurten baztertu egin dute. «Ez zitzaigun egokia iruditzen zozketa egitea, elkartea 600 kide inguruk osatzen dugulako, eta batzuk beharbada egun ez daudelako taldera oso lotuta», azaldu dute. Egutegia, prest Eizagirreren esanetan, zuzendaritzaren ardurak hauek dira: hilean behin biltzea eta urtean zehar egingo diren ekintzak bideratzea. «Batzordearen karga jendeak uste duena baino askoz arinagoa da», azaldu du. «Ekintzak antolatzen laguntzen dugu, eta horien komunikazioaz arduratzen gara, batez ere». Elkarte barruko taldetxoak arduratzen dira urteko ekintzak antolatzeaz, Eizagirrek azaldu duenez. Dagoeneko prest dute aurtengo egutegia. Iazko ekintzei eutsi egingo dietela aurreratu dute. Horrez gain, elkarteak adierazi du 2013ko federatu eta bazkide txartelak dagoeneko eskuragarri daudela Azkoitiko Gurea pilotalekuan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide