Taldea txukunketa lanak egiten aritu da azken asteetan.
(Azkoitiko Triatloi Taldea)
Azkoitiko Triatloi Taldeak egoitza berria izango du aurrerantzean, eta euren funtzionamendurako txoko propioa izango dute. Herriko plazan dute egoitza, Zakela Kultur Elkartearen ondoan, eta azken asteetan hori konpontzeko txukuntzen aritu dira taldekideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiarena da gela, eta erakundearekin egin dituzten kudeketen eraginez lortu dute egoitza berria; orain arte Kultur Etxeko eraikineko gela batean partekatzen zuten herriko beste hainbat taldekin egoitza, eta Azkoitiko Udalarekin harremanetan jarriz hasi ziren egoitza berria izateko lanean .
Taldeak antolatzen dituen ekitaldiak osatzeko eta hileroko bilerak egiteko erabiliko du egoitza. «Duatloia antolatzeko erabiltzen ditugun materialak, taldeko ekipazioak eta taldeak irabaziriko trofeoak ditugu bertan», adierazi du Triatloi taldeko komunikazio arduraduna den Aitor Beneitezek. Honek azpimarratu du edonork batu dezakela taldera; «igeri egiten ez dakien jendea ere badago taldean, ez dago hiru hiru kirolak praktikatu beharrik».