Euskararen Eguna da gaur, eta hamaika ekintza egin dituzte Floreaga ikastetxekoek zein Xabier Munibe ikastolakoek. Azken honetako zaindaria da Xabierko Frantziskoren Eguna, eta arratsaldean HH eta LHko umeek Potxin eta Patxin pailazoen Txangoa emanaldia izan dute, besteak beste. Halaber, guraso elkarteak prestatutako txokolate jana izan dute arratsaldean. Ondoren, berriz, Bigoterik Gabeak antzerki taldea osatzen duten DBH eta Batxilergoko ikasleek emanaldia eskainiko diete guraso eta ikasleei.
Floreagan ere izan dute ospakizunik; goizean zehar bertsoak, euskal dantzak eta abestiak izan dituzte, eta LH eta DBHko ikasleek kartel eta piropo lehiaketan hartu dute parte.
Asteazkenean, berriz, Euskararen egoera Azkoitian. Bada kezkatzeko arrazoirik? hitzaldia izango da Floreaga ikastetxeko bideo gelan, 15:15ean. Karmen Irizarrek eskainiko du hitzaldia, eta herritar guztiak gonbidatu ditu bertaratzera.