Sanandresak hurrengo astean ospatuko baldin badituzte ere, asteburuan lehenengo ekintzak izango dira Azkoitian, jaiei hasiera emanez; ohi bezala, danborradak hartuko du tarte berezia, eta 500 lagun inguruk danbor hotsekin girotuko dituzte kaleak; udalak adierazi duenez, ohi bezala, zortzi konpainia aterako dira kalera: Napoleon, Pelotari Elkartea, Izkiturri Elkartea, Presoen aldeko taldea, Floreaga ikastetxeko gurasoak, Floreaga ikastetxeko ikasle ohiak, Xabier Munibe ikastolako guraso emakumezkoak eta Xabier Munibeko guraso gizonezkoak eta ikasle ohiak. Aurten, gainera, ikastolako ikasle ohi neskek jantzi berria estreinatuko dute.
22:00etan hasita, urteroko ibilbidea egingo dute danbor jotzaileek; herriko plazan lehen geldialdia eginda, Balda plazan bi pieza joko dituzte, eta handik Julio Urkijora joango dira. Ondoren, herriko plazan talde guztiek batera pieza guztiak eskainiko dituzte, eta frontoian amaituko dute saioa.
Danborradaz gain, ordea, hamaika ekimen izango dira larunbatean eta igandean, eta udalak «jaietan ongi pasatu eta festaz gozatzera» gonbidatu ditu herritarrak. «Jai giroa eta umorea nagusi izatea espero dugu». Hala, txapelketa ugari izango dira; larunbat goizean, Orion Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatutako plater tiraketa egingo dute, 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta ohi bezala lubaki robot 15 plater laranjarekin izango da biharko probaren modalitatean jokatuko dute. Entrenamenduak 09:00etan hasiko dira, eta izena egunean bertan eman dezakete. Horretarako, ordea, lizentzia izan beharko dute; lehenengo lau mailetakoentzat sariak eta gainontzekoentzako opariak banatuko dituzte.
Elkargunean, berriz, San Andres igeri saria jokatuko dute haurrek. Hori dela eta, gainontzeko erabiltzaileek ezin izango dute igerilekua erabili 15:00etatik 18:00etara bitartean, Elkargunean jakinarazi duenez. Igeri txapelketarekin batera lasterketa saioa ere izango da herriko kaleetan zehar; Raka Maraton Azkoitiko eta Azpeitiko elkarteak antolatuta, Herri Lasterketa egingo dute zortzigarren aldiz. Hamar kilometrotako ibilbidea izango dute korrikalariek, herrian itzuli txiki bat eta bi handi emanez. Aurrez izena emateko epea gaur amaituko da; www.herrikrosa.com helbidean, Azkoitiko Elkargunean, Azpeitiko Aradi saltokian inskribatu daiteke, 10 eurotan; egunean bertan ere egin ahalko da, baina orduan 15 euro ordainduko dute. Aurten, gainera, lasterkariek dortsalean txertatuta izango dute txipa.
Igandean ere izango da zer ospaturik herrian; San Andres Xake Torneoarekin hasiko dute eguna, eta ohi bezala, herriko plazan baserriko produktuen eta bolilloen erakusketa izango da. Arratsaldean, berriz, magia ikuskizuna izango da Angel Magoarekin, Elkargunean. Sarrera doakoa izango da.
Hurrengo astean gehiago
Hurrengo astean ospatuko dute San Andres Eguna, eta horren inguruan ere ekitaldi ugari izango dira herrian. Ohiturari jarraituz, euskal folklorea nagusituko da beste behin.
EGITARAUA:
Azaroak 24, larunbata
-11:00. Musika bandaren kalejira.
-11:00. Izarre-Jandalon, Orion elkarteak antolatuta, plater tirakelta.
-16:00. Elkargunean, San Andres Igeri Saria, Zubi Aurre Igeri Elkarteak antolatuta.
-16:30. Herriko plazatik abiatuta, VIII. Herri Lasterketa, Raka Maraton Elkarteak antolatuta.
-17:30. Parrokian, Iraurgi Abesbatzaren kontzertua, Xixili Donearen omenez.
-22:00. Danborrada herriko kaleetan zehar.
Azaroak 25, igandea
-10:00. XVII. San Andres Xake Torneoa, kultur etxean.
-Goizean zehar. Baserriko produktuen erakusketa eta salmenta eta bolillo lanen erakusketa, plazan.
-12:00. Bizkargi Musika Eskolako dantza taldea, Xabier Munibeko Kandiola dantza taldea, Floreaga ikastetxeko Kandiola dantza taldea eta Txalkor txistulari taldea, herriko kaleetan.
-17:30. Elkargunean, Angel Magoaren haur eta helduentzako magia ikuskizuna, Kutxak babestuta.