Udalbatzak Eginoberri 27 eta Juin 19 eremuari dagokion Azkoitiko Arau Ordezkatzaileen aldaketak behin betikoz onartu ditu, aho batez. Hori hala izanik, Eginoberrira joatekoa den Bernardo Ecenarro enpresaren kokapena zehaztuta dago dagoeneko; era berean, Ecenarrok hartuko duen eremua erregulatu egin dute, eta lau hektarea gehiago izango ditu lekuak, hamazortzi guztira.
Izan ere, enpresa Oinartxo zabortegiaren gainean kokatzekoa zen hasiera batean. Baina zabortegiko lixibiatuen Ā«aferaren eraginezĀ», antolaketa eremua aldatu egin behar izan dute, zabortegiko prozesua amaitu gabe dagoelako, eta ondorioz enpresak ezin duelako zabortegiaren gainean egin eraikina, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuaren baldintzak jarraituz; hala ere, udalak argitu du enpresak aukera izango duela aparkalekuak eta halako azpiegiturak zabortegiaren gainean egiteko.
Hori hala, eremua handitu eta kokalekua aldatzeko proiektuari ekin zioten iaz, eta hori ahalbidetzeko Arau Ordekatzaileak aldatu egin behar izan ditu udalak. Ingurumenaren eragina aztertu dute prozesuan zehar; hala nola, enpresak sortu dezakeen ingurumen-inpaktua nola zuzendu daitekeen ikertu dute. Ikerketak Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi ondoren, horiek euren txostenak egin dituzte. Erakundeek ebatzi dute zabortegiaren mantentze lanek jarraitu egin behar dutela, eta Ecenarrok hainbat neurri hartu beharko dituela ingurumenaren inguruan; hala nola, landareak landatzea izango du betebeharretako bat. Prozesuak urtebete iraun du.