Azkoitiko San Martin auzoan izan dute zer ospaturik asteburuan; atzo, San Martin egunean, kanpai hotsak entzun ziren egun osoan zehar herrian, ehundaka umek jardun baitzuten San Martingo ermitako kanpaiak astintzen, ohiturari jarraituz. Eguerdian jende ugari elkartu zen Ardatz elkartean, hamaiketakoa egitera. Larunbatean, berriz, umeentzako jolasak egin zituzten elkarte aurrean, eta gauean auzoko dozenaka lagunek afari musikatua egin zuten bertan.