Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak adierazi dute duela egun batzuk Azkoitiko Aingeru kale atzeko edukiontzi batean gasez betetako zazpi butano bonbona azaldu zirela. Bi erakundeek “gogor” salatu dute gertaera, “oso arriskutsua” delako bonbonak ohiko edukiontzietan uztea. Hala, herritarrei dei egin die “gizalegez” jokatu dezaten, “herritar guztion osasuna eta segurtasuna baitago gogoan”.
Era berean, butano bonbonak eta bestelako material arriskutsuak Garbigunera eraman behar direla gogoratu dute udal elkarteak eta udalak. Horiek herritarrei eskatu diete “zabor bilketarako dauden edukiontziak behar bezala” erabiltzeko.