Iraurgi Lantzenek bezeroekin harremanetan lan egiten duten pertsonei zuzendutako ikastaroa jarriko du abian; merkataritza, ostalaritza eta turismoan lan egiten dutenei bideratu diete ekimena, eta ikastaroaren bidez «eraginkortasunez» komunikatzeko baliabideak ezagutuko dituzte. Era berean, bezeroen aurrean «seguruago» sentitzen ikasiko dutela adierazi du Iraurgi Lantzenek. Izan ere, erakundearen ustez, «komunikazioaren kalitateak berebiziko eragins du zerbitzuaren kalitatean». «Enpresari kostu handia eragin eta bezeroen asetasun ezaren arrazoi izan daitezkeen akats asko komunikazioan zehar sortutako oztopoen ondorioz izan ohi dira». Hori hala izanik, harrera «adeitsuak» egiteko formulak eta komunikazio hitzezkoa eta ez hitzezkoa landuko dituzte, besteak beste.
Izena emateko epea azaroaren 9an amaituko da. Horretarako eta informazio gehiagorako, 943-85 11 00 telefonora deitu edo turismo@iraurgilantzen.net helbidera idatzi daiteke. Eskola azaroaren 14ean izango da, Azkoitiko Intsausti Jauregiko lehenengo solairuan. 09:30eatik 13:00etara egingo dute saioa.