Banaiz Bagara elkarteak Kultur Arteko Topaketak antolatu ditu larunbaterako, Emun Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatibarekin eta Azkoitiko Udalarekin batera. Zubiak Errotzen programaren barruan, Lan mundua-Lana munduan mahai-ingurua egingo dute Elkargunean, 11:00etan, eta jatorri desberdinetako pertsonak beraien lan esperientzia azalduko dute.
Hala nola, atzerriko herrialdeetan zein baliabide dituzten ezagutuko dute bertaratzen direnek. Antolatzaileek hamaika gai hausnartuko dute, besteak beste, Euskal Herrira etortzen diren langileek bertako funtzionamendua zergatik ulertzen ez duten argitzen saiatuko dira; “adibidez, zergatik eskatzen da euskara, jendeak gero gaztelaniaz hitz egiten badu? Edo zergatik egin behar da dena azkar-azkar, denbora gero tabernan pasatzeko?” Horrez gain, langile atzerritarren eta bertakoen artean “lehia” sentsazioa eta “estereotipo asko” sortzen direla adierazi dute antolatzaileek; “lan horretarako bakarrik bertakoak hartzen dituzte” edo “kanpoko jendeak lanpostuak kentzen dizkigu” esaten dute askok”.
Ekimenean parte hartzen dutenek euskara ere izango dute hizpide. “Emun kooperatibako langileen eskutik jakingo dugu euskara nola erabiltzen den enpresetan eta zein aukera ematen duen langileentzat”.
Halaber, lana bilatzeko eta horretan gustura egoteko norberak dituen gaitasunak jorratuko dituzte, eta bizipenak trukatzeaz gain, aholku praktikoak eskainiko dituzte.