Diego Garcia korrikalari azkoitiarren omenez egingo duten Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak dagoeneko badu data; martxoaren 23an egingo dute Euskal Herriko maratoi erdirik garrantzitsuenetarikoa, hogeigarren aldiz. Xeye Azkoitiko eta Azpeitiko atletismo taldeak, ekimeneko antolatzaileak, azpimarratu du lasterketak «ezaugarri berezia» izango duela: «Gure artean dugun atleta onena omentzea erabaki dugu»; beraz, hurrengo urteko proban Asier Cuevas korrikalariaren lana aitortuko dute antolatzaileek eta zaleek. «Omenaldi honekin, Asierri, Diegoren oinordekoa den korrikalari bikain honi, bere helburu berrietan animatu eta gure esker ona publikoki adierazi nahi diogu», dio Xeyek. Cuevas Espainiako maratoiko txapelduna izandakoa dela gogoratu du taldeak, eta 100 kilometrotako Espainiako txapelketa irabazi du aurten. «Nekaezina bezain eskuzabala da Cuevas, gure proban beti egon da laguntzeko prest».
Halaber, iazko maratoi erdian Cuevasek egin zuen «luxuzko erbi lanaren» eraginez, Eunice Kirwa korrikalariak marka ezarri zuen emakumezkoetan. Berak egin zuen marka, gainera, Espainiako Estatuan orain arte ezarri izan den denborarik onena dela azpimarratu dute antolatzaileek.
Maratoi erdiak ohiko kutsua mantenduko du, eta Cuevas ez ezik, goi mailako afizionatuak eta korrikalari herrikoiek hartuko dutela parte aurrerati dite antolatzaileek.
Ohi baino goizoago zabalduko dute izena emateko epea; beraz, azaroaren 15tik aurrera egongo da inskribatzeko aukera. Hala ere, antolatzaileek oraindik ez dute zehaztu korrikalariek non eman ahal izango duten izena.
Taldeak, gainera, webgune berria estreinatuko du hurrengo lasterketarako; www.azkoitia-azpeitia.com helbidean azalduko dituzte probako nondik norakoak.